Ikerketa batek lehen aldiz frogatu du suteetan sortutako aerosolek milaka kilometro bidaiatu dezaketela haizeek bultzatuta, eta itsasoa ongarritu dezaketela. Horren ondorioz, algen ezohiko loratze handiak gerta daitezke, eta halaxe gertatu zen Ozeano Antartikoan, 2019-2020an Australian izan ziren sute erraldoien ondoren.
Ikertzaileek satelite-behaketak, itsas roboten neurketak, garraio atmosferikoaren ereduak eta kimika atmosferikoaren datuak erabili zituzten Australiako baso-suteetatik burdinazko aerosol pirogenikoen hedapena jarraitzeko eta horiek algen hazkundean duten eragina neurtzeko. Nature aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak, eta, fitoplaktonaren hazkundea aireko karbono dioxidoarekin erlazionatu dute.
Hain zuzen, ikertzaileen ustez, litekeena da algek, neurri batean, suteek askatutako CO2-a xurgatzea, fotosintesia egiteko, eta, beraz, suteek kliman izandako eragina apalduko lukete. Hala ere, onartu dute ez dakitela, xurgatutako CO2-tik, zenbat geratu den ozeanoaren hondoan eta zenbat askatu den atmosferara.
Bestalde, gogorarazi dute sute erraldoi horiek gero eta ohikoagoak izango direla, klima-larrialdiaren ondorioz.
Elhuyarrek garatutako teknologia