Azken egunotan, COVID-19aren txertoaren ikerketan izandako aurrerapausoen berri eman dute. Moderna konpainia estatubatuarrak, adibidez, bere hautagaiak, RNA mezularian oinarritutako txerto batek, lehen fasean emaitza onak eman zituela aurreratu zuen duela astebete, prentsa-ohar baten bitartez.
Gizakietan probatutako lehen txertoa zela aldarrikatu bazuten ere, handik egun gutxi batzuetara, gauza bera baieztatu zuten Txinako ikertzaileek, The Lancet aldizkarian argitaratutako artikulu zientifikoan.
Artikuluan, xehetasun guztiekin azaldu dituzte egindako probak eta emaitzak. Ikerketa Wuhanen egin dute, eta 18-60 urteko 108 boluntariok parte hartu dute, emakumeak zein gizonak. Hiru taldetan banatuta, hiru dosi probatu dituzte: txikia, ertaina eta handia.
5-motako adenobirus birkonbinatu bat erabili dute erantzun immunologikoa eragiteko. Hain zuzen, burutik beherako arrunta eragiten dute adenobirusek. Txertoak egiteko, adenobirus motelduak erabiltzen dira: erraz sartzen dira zeluletan, baina ez dute kalterik eragiten. Haien barruan SARS-CoV-2 birusaren genomaren zati bat sartzen dute, zeluletara sartzeko erabiltzen duen espikularen proteinak kodetzen dituena. Horren helburua da immunitate-sistemak haren aurkako antigorputzak sortzea.
Eta frogatu dute eraginkorra dela. 14. egunean dagoeneko neurtu zuten erantzun immunologikoa, boluntario guztietan, eta 28. egunean izan zen indartsuen. Antigorputzak ez ezik, T zelulak ere sortu zituzten (immunitate-sistemako zelulla espezializatuak).
Horrez gain, Oxford Unibertsitateak ere (Erresuma Batua) iragarri du prest duela bere hautagaia II eta III faseetan probatzeko. 10.000 boluntariok baino gehiagok parte hartuko dute; tartean, baita haurrak ere. AstraZeneca farmazeutikarekin batera ari dira, eta beste erakunde batzuk ere parte hartzen dute.
Oxforden garatzen ari diren txertoa ere adenobirikoa da, eta kontrol-talde bat ere erabiliko dute, beste txerto batekin (meningokoko batena), sor daitezkeen albo-ondorioak hobeto bereizteko. Makakoetan, txertoa eraginkorra zela ikusi zuten, eta I fasean frogatu zuten segurua dela.
Bigarren eta hirugarren faseen emaitzak izateko 2-6 hilabete beharko dituztela adierazi dute. Txinako taldeak, berriz, urtearen amaierarako edo datorrenaren hasierarako prest izango duela aurreratu du, eta garatzeko bidean dauden herrialdeei ere banatuko zaiela hitz eman du Txinako presidenteak.
Guztira, hamar hautagai ari dira probatzen une hauetan pertsonetan, eta denera 100 hautagai baino gehiago dabiltza garatzen mundu osoko laborategietan, Osasunaren Mundu Erakundearen kontrolpean.
Elhuyarrek garatutako teknologia