AEBetan, Michigango Medikuntza Estatu-Unibertsitateko ikertzaileek espermatozoidearen 3.000 RNA mezulari identifikatu dituzte. RNA mezulariak DNA proteinak ekoizten ari denean sortzen diren bitartekoak dira, eta espermatozoide osasuntsuetan beti berak agertzen dira. Beraz, espermatozoide osasuntsuaren ‘hatz-aztarna’ moduko bat osatu dute. Horrekin, diagnostiko azkarrak egin daitezke; espermatozoidea osasuntsua den ala ez jakiteko, nahikoa da RNA mezularien ‘hatz-aztarna’ horrekin alderatzea.
Orain arte, gizonezkoen antzutasuna diagnostikatzeko, espermatozoideen itxura eta mugimendua aztertzen zen. Baina laguntza bidezko ugalketa-metodo batzuetan itxura anormala duten espermatozoideak ere baliagarriak izan daitezke. Adibidez, espermatozoide-injekzio intrazitoplasmatikoan, espermatozoide bakar bat obuluan injektatzen da; horrela, obulua ernal dezake, baita mugimendurik ez badu ere. Hori bai, haren material genetikoak osasuntsua izan behar du. Hain zuzen, material genetikoaren egoeraren berri ematen du RNAn oinarritutako metodoak.