Galaxien erdian dauden zulo beltzek hurbil dituzten izarrak eta gasa irensten dituzte. Bestalde, baina, haien grabitazio-indarrak inguruan izarrak eta galaxiak haztea eragiten du. Hala ere, astronomoek ez zekiten zer sortzen zen lehenago, zulo beltz bat, edo galaxiak. Bada, Estatu Batuetako Astronomoen Elkartearen bileran egin duten aurkezpen baten arabera, badirudi aurrena zulo beltzak sortu zirela, eta ondoren eratu zirela galaxiak haien inguruan.
Aurkezpena Socorroko Irrati-astronomia Behatokiko Chris Carillik egin du. Behatoki horretan, galaxia gazteen masa kalkulatu dute, duten karbono monoxidoan oinarrituta. Eta ikusi dute unibertsoa gaztea zenean, 1.000 milioi urte zituenean (orain 13.700 milioi urte inguru ditu), galaxia baten eremu dentsoenaren masa zulo beltzarena baino 30 aldiz handiagoa zela.
Datu horrek ez dauka zerikusirik orain artekoekin. Izan ere, orain arte ez dute hain galaxia gazteak aztertzerik izan, eta, ikusitakoaren arabera, galaxien eremu dentsoaren masa zulo beltzarena baino 700 aldiz handiagoa izaten da, beti. Orain, ordea, masa-proportzioa aldatu egiten dela frogatu dute. Horri esker, eta beste datu batzuekin, zulo beltza galaxiaren aurretik sortzen dela ondorioztatu dute.