Aurreikusitako lurrikarak ez dira gertatu

Lurrikarak aurreikusteko gehien erabiltzen den ereduak ezertarako ez duela balio frogatu dute bi geofisikari estatubatuarrek.

Bi plaka tektonikok talka egitean sortzen den energia bat batean askatzen denean sortzen dira lurrikarak. Eredu horren arabera, energia pilatzeko denbora-tarte finko bat behar da eta, tarte hori neurtuta, hurrengo lurrikara handia (Richter eskalan 6ko balioa edo handiagoa) noiz izango den aurreikus daiteke.

Eredu hori Kaliforniako San Andres failako gune batean aplikatu zuten, Parkfield-en. Gune horretan lurrikara ziklikoak egon dira azkeneko 150 urteetan eta, failaren egitura nahiko sinplea denez, erraz aztertzeko modukoa da.

Parkfield-en aurreikuspen-kalkuluak aplikatuta, 1987an lurrikara handi horietako bat gertatuko zela ondorioztatu zuten. Baina 1966az geroztik han ez da lurrikara gogorrik izan; beraz, badirudi teknikak eredu sinpleenetan ere ez duela balio.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila