Sistema kardiobaskularra: arteroesklerosiak endotelioaren NO-a ekoizteko ahalmena murrizten du. Hortaz, gaixoari nitroglizerina emanez, honek organismoan hain onuragarria den NO-a askatzen du. NO-a seinale-molekula dela jakinez geroztik, ahalegin handiak egiten ari dira laborategietan bihotzeko gaixotasunen aurka borrokatuko diren droga berri eta ahaltsuak sortzeko.
Shock-a: bakterioek eragindako infekzioa orokortzen denean, gure zelulek askatzen duten NO-a kaltegarria izan daiteke. Izan ere, globulu zuriek bakterioen aurka borrokatzeko NO-kopuru itzela ekoizten dute, odol-hodiak zabalaraziz eta odol-presioa biziki jaitsiaraziz; ondorioz, gaixoak konortea gal dezake. Egoera honen aurrean, NO-aren ekoizpena inhibitzen duten substantziak eman dakizkioke gaixoari, shock-egoeratik aterarazteko.
Birikak: arreta intentsiboko unitateetan gaixoei NO gasa eman dakieke inhala dezaten. Tratamendu honek emaitza onak izan ditu eta biziak salbatzeko balio dezake; adibidez, pediatrian, odol-presio handia eta arriskutsua duten haurrak NO-arekin trata daitezke odol-presioa jaistarazteko, baina oso kontuz ibili beharra dago dosiarekin, kontzentrazio handian oxido nitrikoa toxikoa baita.
Minbizia: globulu zuriek NO-a erabiltzen dute kanpoko bakterio, onddo eta bizkarroiak hiltzeko, baina baita organismoa tumoreen aurka babesteko ere. Hori dela eta, gaur egun zientzialariak probak egiten ari dira NO-arekin tumoreen hazkundea galarazteko erabil daitekeen jakitearren, gas honek zelulen heriotza programatua eragiteko erabil litekeela uste baita.
Diagnosi-analisia: gaixotasun infekziosoen, hala nola heste eta biriketakoen, diagnosia egin daiteke NOaren ekoizpena analizatuz. Adibidez, kolitisa, asma eta beste gaixotasun batzuen diagnostikoa egiteko erabiltzen ari da.
Inpotentzia: NO-ak zakilaren erekzioaren mekanismo molekularrean parte hartzen du, zakileko odol-hodiak zabaldu egiten baititu. NO-aren eginkizuna ezagututa, erekzioaren mekanismoa hobeto ulertu ahal izan da eta inpotentziaren aurkako botika berriak sortzeko bidea ireki da. Hori dela eta, aurtengo Nobel saria Viagra ospetsuarekin lotuta ageri da prentsan, zeharka bada ere, Viagra sortzeko bidea ireki baitzuen aurten saritutakoen aurkikuntzak.