Atzerapausoa polioaren aurkako borrokan

Atzerapausoa polioaren aurkako borrokan
2007/11/01 | Elhuyar
(Argazkia: MOE)

Txertoak eragindako poliomielitis-agerraldi larriena izan dute Nigeriaren ipar-ekialdean. Inguru hartan bertan, duela urte gutxi batzuk, txertoaren segurtasunaz zituzten zalantzek txertaketa-kanpaina eragotzi zuten, eta orain agerraldia gertatu izana kolpe latza da gaitza munduan desagerrarazteko kanpainarentzat.

Poliomielitisa desagerrarazteko kanpainaren arduradunen esanean, ahotik hartzen den txerto arrunta, hau da, birus ahulduko txerto tribalentea segurua da. Baina, Nigeriaren ipar-ekialdeko haurrek immunologia-sistema ahula zuten, nonbait; horren ondorioz, txertoaren birusa indartu egin da eta agerraldia eragin du.

Agerraldia 2006ko irailean detektatu zuten, eta berehala ohartarazi zituzten Munduko Osasun Erakundea eta Nigeriako osasun-arduradunak, baina ez zuten zabaldu, beldur baitziren txertoaren aurkako iritzia sendotuko zela. Orain, ordea, ikusita poliomelitis-kasuak ugaritzen ari direla, publiko egin dute eta kanpainarekin jarraitzeak duen garrantzia nabarmendu dute.

Nigeria, India, Pakistan eta Afganistan dira oraindik poliomelitis-kasuak dituzten herrialde bakarrak, eta, horietan birusa desagerraraztea lortuz gero, baztangaren ondoren txertaketa bidez desagerrarazten den bigarren gaixotasuna izango litzateke.

1
236
2007
11
013
Medikuntza
Berriak labur
8
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila