Atunek eta marlinek hobera egin dute, baina marrazoek galtzeko bidean jarraitzen dute

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

atunek-eta-marlinek-hobera-egin-dute-baina-marrazo
Arg. Iñigo Onaindia

Itsasoko arrain harrapari batzuen egoeraren berri ematen duen indize berri bat garatu dute AZTIko ikertzaileek gidatutako lan batean. Azken 70 urteetan atunek, marlinek eta marrazoek izan dute bilakaera aztertu dute indize horrekin; eta ikusi dute atunek eta marlinek azken urteetan hobera egin dutela, baina marrazoen egoerak okerrera egiten jarraitzen duela. Science aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

Atun, marlin eta marrazoen 18 espezieren 52 herrialdetako arrantza-datu historikoak aztertu dituzte. Eta agerian gelditu da harrapari horien egoera zuzenean lotuta dagoela arrantzak haiengan duen eraginarekin. Ikertzaileek adierazi dutenez, helburu-espezieak, hala nola atunak eta marlinak, gero eta maila jasangarriagoetan daude. Baina, espezie horien arrantzaren arazo handienetako bat da, nahi gabe marrazoak ere arrantzatzen direla. Eta, hain zuzen ere,  marrazo-espezie horiek galtzeko gero eta arrisku handiagoan daudela ikusi dute. Ikertzaileen ustez, arrantzaren kudeaketan behar adina neurri hartzen ez direlako gertatzen ari da hori. Eta ohartarazi dute, neurri horiek lehenbailehen hartu ezean, espezie horiek galtzeko arriskuak handitzen jarraituko duela.

Ikertzaileek nabarmendu dute gehiegizko arrantza dela itsasoko biodibertsitatearen mehatxu nagusia. Eta itsasoko baliabideen kudeaketarako eta kontserbaziorako politikak egiteko eta erabakiak hartzeko ardura dutenei eskaintzen diete garatu duten tresna hau. Gainera, metodologia bera beste arrain-espezie batzuekin ere erabil daitekeela aurreratu dute. 
 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila