Atosegundo batzuk atomo batetik bestera salto egiteko

Elektroi batek 320 atosegundo behar ditu sufre-atomo batetik rutenio-atomo batera salto egiteko, fisikari-talde baten lanaren arabera. Alemaniako fisikari batzuek egin dute esperimentua, eta esperimentuak behar zituen kalkulu teorikoak, berriz, Donostiako International Physics Center-eko fisikariek egin dituzte. Orain arte ez da egon hain denbora-tarte txikia neurtzeko modurik. Kontuan hartu behar da segundo batean trilioi bat atosegundo daudela.

Atomoen mailan gertatzen diren beste prozesu batzuk mila aldiz mantsoagoak izaten dira, gutxi gorabehera, eta femtosegundoko pultsuak igortzen dituzten laserren bitartez neurtu izan dira. Femtosegundoa ere oso denbora-tarte laburra da, baina atosegundoa baino mila aldiz handiagoa da. Elektroiaren transferentzia azkarragoa da, ordea, eta, horregatik, erloju zehatzago bat behar izan dute neurtu ahal izateko. Sufre-atomoaren beraren elektroiez baliatu dira erloju gisa jokatzeko, eta modu horretan lortu dute jakitea atomo batetik besterako saltoa 320 atosegundoan gertatzen dela.

Datu hori baliagarria da elektroien transferentzia gertatzen den edozein
prozesu ikertzeko. Elektrizitatea bera adibide ona da, elektroien mugimendua baita. Horrez gain, nanoteknologiako ikerketan ere aurrerapauso handia izango da, eta, naturari dagokionez, fotosintesia aipatzen dute ikertzaileek adibidetzat, haren gakoa klorofila-molekularen barruko elektroiak atomoz atomo mugitzeko gaitasuna baita.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila