Atomoen urtzea gertutik ikusita

Ez dago modurik jakiteko zehatz-mehatz nola hasten den solido bat urtzen tenperaturak gora egin ahala. Ez, behintzat, atomoaren eskalan. Baina, orain, fisikari estatubatuar batzuek bide bat asmatu dute prozesu hori simulatzeko, eta solidoaren barruko atomoek nola jokatzen duten ikusteko.

Gakoa da atomoak azter daitezkeen beste egituren bitartez simulatzea. Fisikariek koloidez osatutako partikula esferiko batzuk erabili dituzte. Tenperaturarekin oso jokaera berezia dute: hoztean, handitu egiten dira, eta, ondorioz, elkarren kontra metatu eta kristal-egitura bat sortzen dute; berotzean, berriz, txikitu egiten dira, eta horrek urtze-prozesua jartzen du abian. Hori guztia mikroskopio optiko baten bitartez beha daiteke.

Hain zuzen ere, fisikariek prozesua ikusi eta espero zitekeen azalpena aurkitu dute: solidoaren barruan, kristalak akatsak edo dislokazioak dituen guneak hasten dira urtzen lehendabizi, hau da, esferak gaizki metatuta dauden tokiak. Fisikarien ustez, gauza bera gertatzen da solido baten atomoekin.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila