Nanozirkuitu elektroniko konplexuak egiteko lagungarri gerta daitekeen aurrerapauso bat eman da: siliziozko azalean silizio-atomo bat fosforo-atomo batez ordezkatzea lortu du fisikari-talde batek.
Lorpen garrantzitsua da hori, silizioan metal ez-eroaleen atomoak txertatzeak elektrizitatea garraiatzeko zirkuitu atomiko konplexuak diseinatzen lagunduko baitu.
Tunel-efektuko mikroskopioaz atomo metalikoak banan-banan mugitzea ez da kontu berria; mikroskopioaren zundaz elektrikoki erauz daitezke. Baina material erdieroaleak mugitzea oso bestelako kontua da, eta material horiek erabiltzen dira, hain zuzen ere, nanotxipak egiteko.
Silizio-atomoa zuzenean erauzi ezin dutenez, ikerketa honetan, hidrogenoa erabili behar izan dute atomoa mugitzeko. Siliziozko azala hidrogenoaz tratatzen dutenean, hidrogenoa silizio-atomo guztiei lotzen zaie berehala. Ondoren, ikertzaileak aukeratutako hidrogeno-atomoa erauzten du mikroskopioaren zundaz, eta, azala fosforo trihidroaz edo fosfinaz tratatzean, fosforoa libre geratu den silizioari lotzen zaio.
Hori 350 ºC-raino berotuz, molekulak desintegratu eta silizioak eta fosforoak elkar-ordezkatzea lortu dute, atomo batek bestearen lekua hartzea, alegia.