Izar bat planeta baten atzean desagertzen ikusten den unean, informazio asko eskuratzen dute astronomoek. Planetaren mugan dagoenean, izarraren argia aldatu egiten da, eta aldaketa horrek Lurreraino ekartzen du planetari buruzko informazioa.
Horrela ikertu dute Karon, Plutonen ilargia, bi astronomo-taldek, frantziarra bata eta estatubatuarra bestea. Behaketa horretatik eskuratu duten informaziorik deigarriena Karonen atmosferari buruzkoa da. Hain zuzen ere, Karonek atmosferarik ez duela ondorioztatu dute.
Horrez gain, ilargia zehaztasun handiz neurtu ahal izan dute, zortzi kilometroko errorearekin. Karonen diametroa 606 kilometrokoa da. Datu horretatik Karonen dentsitatea kalkulatu dute, eta, urarena baino pixka bat handiagoa denez, izotzezko ilargia dela proposatu dute astronomoek.
Pluton eta Karon nola sortu ziren ulertzen lagunduko dute datu horiek; horrez gain, garrantzi handia izan dezakete Pluton planeta den edo ez erabakitzeko.