Mende honen bukaerarako, orain dauden koralen eta planktonaren erdia baino ez da geldituko, atmosferako karbono dioxidoaren erruz. Gainera, horrek ondorio larriak izango ditu itsasoko gainerako bizidunetan.
Ondorio horretara iritsi dira ikertzaileak, hamar urtean ozeanoetako 72.000 lagin ikertu eta gero. Ikusi dutenez, industria-iraultzatik atmosferara isuri den karbono dioxidoaren erdiak itsasoan bukatu du. Hori alde batetik ona da, itsasoak berotegi-efektua baretzen lagundu baitu, baina, bestetik, benetan kaltegarria izan daiteke itsasoko ekosistementzat.