Atenastarrek ikusmira mugatuta zuten

(Argazkia: THEATRON).

Erresuma Batuko ikertzaileek Plericles-en odeoia errealitate birtual bidez berreraiki dute eta emaitza harrigarria izan da: antzokiko zutabeek agertokia ikustea eragozten zieten ikusleen ia erdiei. Ikertzaileak datu arkeologikoetan eta garai hartako idazkietako aipamenetan oinarritu dira antzokia birtualki berreraiki eta nola erabiltzen zen jakiteko.

Pericles-en odeoia Atenasen eraikitako lehenetako antzoki itxia izan zen. K.a. 450. urte inguruan eraiki zuten eta hiru bat mila ikuslerentzako tokia zegoen. Atenastarrak musika eta olerkiak entzutera joaten ziren odeoietara, eta, kasu honetan behintzat, antzezleak entzuteaz gain ikustea ez zitzaien ezinbesteko iruditu arkitektoei.

Lan hau Theatron proiektuaren adibideetako bat da. Theatron Europako Batasunak sustatutako proiektua da, errealitate birtuala eta teknologia berriak baliatuz, antzerkiaren historia irakasteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila