Lurraren inguruko asteroideek (LIA) burdina, nikela, kobaltoa eta platinoaren familiako metalak dituztela jakina da aspalditik. Gainera, Lurrean aurki daitekeen edozein mea baino metal-aberastasun handiagoa daukate. Bestetik, zientzilariak gero eta seguruago daude asteroideen eta Lurraren arteko talkak ez direla arbuiatzeko moduko gertaerak.
Bi gauza hauek kontuan izanik, Jeffrey S. Kargel geologo estatubatuarrak asteroideen metalak ustiatzea proposatu berri du Journal of Geophysical Research aldizkarian [J. geophys. Res, 99, 21129-21141 (1994)]. Bere iritziz asteroide gehienak, metal asko dituztenak bereziki, altxor preziatuak dira. Bere azterketek, kilometro bateko LIA batek platinoaren familiako 400.000 tona metal dituela eman dute aditzera. Gaur egungo, merkatu-prezioak kontutan harturik, 5 x 1015 dolar balioko luke horrek. Metal-ekarpen berriak oraingo produkzioa hamar bider emendatuko balu, merkatuan izango lukeen eraginak, mozkina murriztu egingo luke eta guztiaren balio berria 320 x 109 dolar izango litzateke. Hala ere, ustiatzea errentagarria izango litzateke.
Kargelen iritziz, metal hauek ez lirateke Lurrera bakarrik ekarri behar, espazio-fabrikak hornitzeko ere erabili beharko lirateke. Adibidez, eguzki-energia biltzeko sateliteak fabrika litezke; gero Lurrera metatutako energia igorriko luketenak.
Meatzaritza-iharduerak 20 urtean agortuko lituzke 1 km-ko LIA baten metalak, eta aldi berean, etorkizunean Lurra mehatxa dezakeen arriskua birrindu egingo luke.
Ilargiko meatzaritza garatzea behin baino gehiagotan planteatu da. Martitzen atmosferako karbono(IV) oxidoa erreduzitu eta oxigeno eta karbono(II) oxido bihurtzea behin baino gehiagotan aipatu da. Karbono(II) oxidoa gero espaziuntzietan erregai gisa erabiliko litzateke. Kargelek asteroideak Ilargia eta Martitz baino probetxugarriagoak direla eta aukera hori ez genukeela harrika bota behar dio.