Aspirina ez da ahalguztiduna

Usteak ustel: aspirinak ez du babesten minbizia izatetik. Mina kentzeko ez ezik, hainbat gaixotasunetatik babesteko ere hartzen da aspirina. Besteak beste, ustez, egunean aspirina bat hartzeak minbizia izateko arriskua gutxitzen zuen.

Saguekin egindako ikerketetan eta zenbait galdeketaren emaitzetan oinarritzen zen uste hori. Alabaina, orain argitaratu dira hamar urte iraun duen ikerketa zabal baten emaitzak, eta, horren arabera, aspirinak ez du eraginik minbiziaren sorreran ez garapenean.

Ikerketan 40.000 emakumek hartu dute parte. Horietako batzuek aspirina hartu behar zuten, beste batzuek E bitamina eta gainerakoek plazebo bat. Hamar urte pasatu ondoren egindako azterketetan, garbi gelditu da ez aspirinak ezta E bitaminak ere ez dutela eragin babeslea minbiziari dagokionez.

Beste ikerketa batzuen arabera, badirudi aspirina-dosi handiek minbizia gelditzeko balio dezaketela. Honetan, ordea, frogatu dute alfer-alferrikakoa dela egunean aspirina bat hartzea minbiziari aurre hartzeko. Ikertzaileen esanean, hau da azken ondorioa: osasun ona izateko gakoa ez dago pilula batean, baizik eta dieta orekatua eta bizimodu osasungarria egitean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila