Aspaldiko usteak alda ditzaketen sagukumeak

Aspaldiko usteak alda ditzaketen sagukumeak
2009/07/01 | Elhuyar
(Argazkia: Mary R. Vogt)

Obozitoen zelula aitzindariak aurkitu dituzte eme helduetan

Txinako Shangai Jiao Tong Unibertsitatean egindako esperimentu batek hankaz gora jar lezake orain arte egiatzat jotzen zena: ugaztun emeak bizitza osoan zehar sortuko dituzten obuluekin jaiotzen direla. Nature Cell Biology aldizkarian berri eman dutenez, obozitoen zelula aitzindariak atera dituzte sagu eme batzuen obarioetatik.

Orain arte jotzen zen zelula aitzindari horiek enbrioi-fasean baino ez direla agertzen. Hain zuzen, zelula horiek obulu bihurtuko diren zelulak ekoizten dituzte, obozitoak. Bada, esperimentuan, sagu heldu batzuen obarioetatik hartutako obozitoen zelula aitzindariak antzututako sagu batzuei transplantatu zizkieten. Aurretik, proteina berde fluoreszentea (GFP) ekoizten duen genea sartu zieten zelulei, haiek sartutakoak zirela bermatzeko.

Zelulak txertatutakoan, antzututako sagu gehienek kumeak izan zituzten, eta kumeen herenek proteina fluoreszentearen genea zuten. Horren bidez frogatu dute eme helduek obozitoen zelula aitzindariak dituztela, eta zelula horiek obuluak eman dituztela.

Ikerketa horrekin lotuta ez dauden hainbat eta hainbat zientzialari oso zuhur agertu dira berri horren aurrean. Askok esan dute ezinbestekoa dela beste ikerketa-talderen batek errepikatzea Txinakoek lortutako emaitzak.

1
255
2009
7
026
Anatomia/Fisiologia; Zoologia
Albisteak
16
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila