Gaiker zentro teknologikoak
fluido superkritikoen bidezko erauzketa-prozesuak erabiliz artiletik zeramidak lortzeko proiektua
garatu du.
Fluido superkritikoa presio eta tenperatura kritikoen gainetik dagoen fluidoa da. Likidoaren eta gasaren arteko propietateak ditu
eta disolbatzaile egokia da.
Gehien erabiltzen den fluido superkritikoa CO2-a da. Izan ere, haren kondizio kritikoak baxu samarrak dira (31 ºC, 73 atm) eta, hortaz, lan egiteko errazak.
Lan horrek interes handia piztu du farmaziako eta kosmetikako industrietan. Izan ere, kremak eta horrelakoak egiteko gaur egun erabiltzen diren zeramidak metodo sintetiko edota bioteknologikoekin prestatzen dira, eta oso garestiak dira. Gainera, prozesu horiekin lortzen diren zeramiden konposizio kimikoa ez da gizakiaren larruazalak duenaren berdina.
Artiletik erauzitako zeramidek, ordea, larruazalaren gain-gaineko geruzaren antzeko konposizioa dute. Kanpoaldean lanolina dute, dagoeneko kosmetikan asko erabiltzen den lipidoa, eta barrualdea, berriz, oso aberatsa da zeramidatan.
CO2 superkritikoaren bidezko erauzketa-prozesuaren etekina handia da, eta emaitzek erakutsi dute erauzitako lipidoek egitura liposomiko sendoa eratzen dutela. Horrek larruazalaren hesi gisa jokatzen du, larruazalaren hidratazioa areagotzen du eta kimikoki nahiz mekanikoki urratuta dauden larruazalak errazago osatzen ditu.