Arroza hobetzeko, onddoak gehitu

Arroza hobetzeko, onddoak gehitu
2010/09/01 | Elhuyar
Arroz-landareek onddo batekin mikorrizak eratzea lortu dute Suitzan. Arg.: Piers Brown.

Mikorrizak eratzea eta arroz-landareen hazkuntza bost aldiz handitzea lortu dute

Ikertzaileen esku-hartze txiki baten laguntzaz, Suitzako Lausanne Unibertsitateko ikertzaile-talde batek lortu du arroz-landareek mikorrizak eratzea Glomus intraradices onddoarekin. Sinbiosi horri esker, landareen hazkuntza bost aldiz handiagoa izatera irits daitekeela ikusi dute. Current Biology aldizkarian eman dute egindako ikerketaren berri.

Landare gehienek (% 80tik gora) mikorriza deritzon sinbiosia eratzen dute sustraietan lurreko onddoren batekin. Hala, onddoei esker, landareak ura eta mineralak xurgatzeko azalera handitzen du, eta, onddoak, hazteko behar dituen azukreak eta bitaminak jasotzen ditu landareak egiten duen fotosintesitik.

Arroz-landareetan, baina, ez da horrelako sinbiosirik gertatzen, berez. Laborategian bultzatu dute ikertzaileek Glomus intraradices onddoaren eta arroz-landareen arteko sinbiosia.

Hiru onddo-belaunaldik landareen hazkuntzan zuten eragina aztertu zuten ikerketan. Lehenengo belaunaldia onddo horren bi espora-alek eratu zuten; horien ondorengoek bigarrena, eta bigarren belaunaldiko espora guztiekin hirugarrena sortu zen. Bada, hirugarren belaunaldiko onddoek eragin zuten landare-hazkuntza handiena.

Zientzialariek ez dakite ziur zer dela eta eragin duten hirugarren belaunaldiko onddoek hazkuntza handiena, baina susmoa dute gene-aniztasuna dagoela horren atzean. Izan ere, belaunalditik belaunaldira gero eta ugariagoa da gene-trukaketa eta segregazioa.

1
267
2010
9
005
Botanika; Biokimika
Albisteak
9
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila