Milioika urtez izotz-azpian ezkutatuta egon den arroila handi bat aurkitu dute Groenlandian. Izotza zeharkatzen duen radar bat erabili dute horretarako Bristol Unibertsitateko ikertzaileek. Arroila horretan 750 km-ko ibai bat egon zen behin, Groenlandiaren erdialdetik iparraldeko kostarantz zihoana. Hegoaldean, 200 metroko sakonera du arroilak, eta aurrera egin ahala 800 metrora handitzen da. Zabalera, berriz, 10 km ingurukoa da arroilaren zati handienean.
Ikertzaileen esanean aurkikuntza honek azal dezake zergatik ez dagoen lakurik Groenlandiako izotzaren azpian. Antartikan ugariak dira izotz-azpiko lakuak —Vostok ezaguna, esaterako—, baina Groenlandian ez dago halakorik. Horren arrazoietako bat aurkitu berri duten arroila izan daiteke, urtutako ura arroila horretan barrena itsasoratu daitekeelako, lakuak osatu beharrean.
Gainera, arroilak eragin handia izan dezake izotz-geruzaren dinamikan. Klima berotzearen eraginez izotza urtzean, ura izotzaren azpira joaten da. Hori gainazal lau batean gertatzean, izotza errazago labaintzen da, eta itsasora azkarrago iristen da. Baina arroilaren eraginez, hori ez da gertatzen, ura arroilako kanaletatik drainatzen baita.
Science aldizkarian argitaratu dute aurkikuntza.