Argiope generoko armiarmek egiten dituzten sareak bereziak dira. Hariarekin apaingarri batzuk gehitzen dizkiote oinarrizko egiturari, eta oso emaitza deigarria lortzen dute. Baina naturan deigarria izatea ez da estrategia oso orokorra, eta, horregatik, Argiope-ren apaingarrien zergatia jakin nahi zuten biologoek. Taiwango biologo batzuek kamera bat jarri dute sare baten ondoan, eta 700 orduz grabatu dute. Ikusitakoa ikusita, biologoek diote sare deigarri bat izateak abantailak eta desabantailak dituela. Abantaila da apaindutako sareek intsektu gehiago erakartzen dituztela apaindu gabekoek baino; desabantaila, armiarma bera jaten duten harraparientzat ere erakargarriagoa dela apaindutakoa. Azkenean, armiarma arriskuan jartzen da janari asko lortzearen truke.