Arriskuan dauden espezieak gordetzeko ADN-bankua

Animalia-talde bat desagertuko balitz, baliteke hurbil dauden espezie-talde guztiak batera desagertzea eta aldez aurretik lortutako biodibertsitatea arriskuan jartzea. Horregatik, arriskuan dauden espezieak zaintzeko ehun-laginak eta material genetikoa gordetzea proposatu dute.

Desagertzearen efektuak kuantifikatzeko saiakuntza gehienek aipatzen dutenez, ugaztun- eta hegazti-espezieak ustekabean desagertzen dira. Horregatik, hegazti-talde bat desagertzea ez litzateke oso arriskutsua izango, hurbileko espezieek bizirik iraungo lukete eta. Dena dela, Londresko Imperial College-ko Andy Purvis-ek deskribapena baikorregia dela dio, arriskuan dauden espezieek elkarren arteko erlazioak baitituzte.

Txinpantzea, lehoia eta errinozeroa desagertzeko arriskua duten animaliak dira. Espezie hauek desagertuko balira, 85 ugaztun-genero eta 38 hegazti-genero galduko lirateke; 850 milioi urteko historia bertan behera geldituko litzateke. Hortaz, animalia-talde bat desagertzen denean, erlazio estua duten beste espezie batzuk ere desagertzen dira, antzeko faktoreekiko zaurgarriak baitira.

Arriskuan dauden espezieak gordetzeko biologo-talde bat nazioarteko ADN-bankua antolatzen ari da. Honen buru Oliver Ryder dago, Kaliforniako San Diegoko Zoologia Elkartean Arriskuan dauden Espezieak Ugaltzeko Zentroan diharduena.

Ryder-en ustetan, ez litzateke posible ADN garbitik espeziea berriz sortzea, baina organismoen artean ADNa transferituta, ezaugarri baliagarriak garraia daitezke, hainbat gaixotasunen aurkakoak, adibidez.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila