2022/04/11
eu es fr en cat gl
Aparecerá un contenido traducido automáticamente. ¿Deseas continuar?
Un contenu traduit automatiquement apparaîtra. Voulez-vous continuer?
An automatically translated content item will be displayed. Do you want to continue?
Apareixerà un contingut traduït automàticament. Vols continuar?
Aparecerá un contido traducido automaticamente. ¿Desexas continuar?
Arren itxuraz, gizonez jantzita
Florisuga mellivora kolibria. Arg. Brian Gratwicke/CC BY 2.0
Erdialdeko eta Hego Amerikan, bada Florisuga mellivora izeneko kolibri espezie bat. Heldutan, hegazti eta beste animalia askotan gertatzen den bezala, arrek eta emeek itxura desberdina dute. Hegazti gehienetan, gazteek eme helduen tankera dute, eta heltzean, arrek beste lumaje bat hartzen dute, normalean, koloretsuagoa eta deigarriagoa. Florisuga mellivora kolibrietan, baina, alderantzizkoa gertatzen da: gaztetan ar helduen antza dute lumajean, eta, heltzean, emeek hartzen dute bestelako lumajea. Ez guztiak, ordea: emeen % 20k arren itxurari eusten diote.
Ikertzaileek ez dakite horren atzean arrazoi genetikoak ala ingurunekoak ote dauden, baina ondorio bat, behintzat, ikusi dute: ar-itxura duten emeek jazarpen txikiagoa jasaten dute, besteekin alderatuta. Hain zuzen ere, arrak dira jazarleak, eta, bereziki, eme arrunten aurka erabiltzen dute indarkeria, jana eskuratzeko. Ar-itxura duten emeek, berriz, ez dute erasorik jasaten, eta ez dute eragozpenik arrek adina jateko.
Ugalketaren ikuspegitik, ar-itxura izatea ez da abantaila bat. Aitzitik, ohiko lumajea eta arrarena duten bi emeen artean, lehena aukeratzen dute arrek gortea egiteko. Baina ar-itxurakoak ere gorteatzen dituzte; beraz, itxura aldatzeak dakarren irabazia galera baino handiagoa da.
Kolibri horiek burura ekartzen dute gizonen aukerak eskuratzeagatik gizon-itxura hartu duten emakumeen kasua. Historian, asko izan dira horrela jokatu dutenak, tartean, zientzialariak. Ezagunenetako bat
Sophie Germain da. 1776an jaio zen, eta txikitatik zen zientziazalea. 18 urte zituela, Eskola Politeknikoa ireki zuten Parisen, baina gizonak baino ez zituzten onartzen. Alabaina, Germainek aurkitu zuen han ikasteko modua: postaz jasotzen zituen lezioak eta bidaltzen lanak, Monsieur Antoine-August Le Blanc izena hartuta.
Joseph Louis Lagrange irakaslea Le Blancen lan bikainaz jabetu zen, eta ezagutu nahi izan zuen. Germainek ezin izan zuen emakumea zela ezkutatu, baina Lagrangek ez zuen baztertu; alderantziz, Germaini matematikaren munduan aurrera egiten lagundu zion. Azkenean, matematikari handia izatera iritsi zen, eta Parisko Zientzien Akademian onartua izatea lortu zuen.
Garai bertsuan,
Jeanne Baret botanikaria gizonez jantzita ontziratu zen munduari bira emango zion lehen frantziar espedizioan. Izan ere, o ezustekoa!, emakumeek debekatua zuten espedizioetan parte hartzea. Munduari itzulia eman zion lehen emakumea bilakatu zen, jada emakumez jantzita, eta botanikaren arloan sekulako ekarpena eginda.
Eta XXI. mendean? Bada, emakumeek sinatutako artikulu zientifikoek aukera gutxiago dituzte aldizkari ospetsuetan argitaratuak izateko, eta aipamen gutxiago jasoko dituzte. Eta jantziek ere elementu garrantzitsua izaten jarraitzen dute, onartuak ala baztertuak izateko, adibidez, kongresuetan. Hautespen naturala deituko diote gero.
Proiektu honen laguntzaile izan nahi baduzu,
harpidetu. Urtean 28 € baino ez.