Arrautzei kantatu, enbrioiek ikas dezaten

Txori australiar batzuek enbrioei irakatsitako pasahitzari esker kuku iruzurtiei antzematea lortzen dute

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

arrautzei-kantatu-enbrioiek-ikas-dezaten
Malurus cyaneus emea eta gazte bat. Arg. Nevil Lazarus/CC-BY

Malurus cyaneus txori australiarrek azkar ikasten dute kantuan; jaio aurretik. Arrautzan dauden bitartean amak pasahitz gisa funtzionatuko duen nota bat irakasten die, eta, jaiotzean, txitek nota hori errepikatu beharra daukate, bestela gurasoek ez dituzte elikatuko eta. Horri esker lortzen dute gurasoek jakitea habian daudenak euren ondorengoak direla, eta ez direla ari kuku bat elikatzen.

Txori australiar hauek txiten deiaren bidez kukuei antzematen zietela ezaguna zen, baina Adelaidako Flinders Unibertsitateko ikertzaileek orain ikusi dute enbrioiak direnean ikasten dutela txitek dei horretan erabili beharreko pasahitza, Current Biology aldizkarian argitaratu dutenez. Emeak habian arrautzei kantatzen ziela konturatu zirenean hasi ziren kontu hau ikertzen. Habia bereko txita guztiek doinu bera kantatzen dutela ikusi zuten, habia bakoitzean desberdina, eta doinu horretan amak arrautzei kantatutako pasahitza dagoela. Eta pasahitz bera erabiltzen du emeak arrari janaria eskatzeko ere. Ikertzaileek beste habia bateko kantua jartzen zietenean, gurasoek ez zituzten txitak elikatzen. Eta kantuak ikasiak edo genetikoak ziren frogatzeko, arrautzak habiaz aldatu zituzten. Kasu horretan, txitek amaordeak irakatsitakoa kantatzen zuten.

Kuku-kumeek, ordea, ez dute doinua ikasten. Ikertzaileen ustez, litekeena da nahikoa denbora ez izatea horretarako. Izan ere, arrautzak jarri eta 10 egunera hasten dira lezioak, eta txitek 5 egun izaten dituzte, jaio baino lehen, doinua ikasteko. Kukuak, berriz, lehenago jaiotzen dira, habiako beste arrautzak bota ahal izateko, eta, beraz, egun pare bat baino ez zaizkie gelditzen doinua ikasteko. Hala ere, kukuen kontrako teknika honek ez die beti funtzionatzen. Bi kuku-espezie saiatzen dira txori hauek engainatzen. Espezie batekoei beti antzematen diete, baina besteei % 40an baino ez. Ikertzaileen esanean, azken horiek pasahitza asmatzen saiatzen dira, doinu desberdinak kantatuz.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila