Arratoien DNA giza migrazioak ulertzeko

Arratoia gizakiekin batera iritsi omen zen, eta animalia hori ikertuz datu berriak lortu dituzte orain ikertzaile batzuek.

Ikertzaile batzuek giza migrazioak interpretatu dituzte Polinesiako arratoien ( Rattus exulans ) DNA aztertuz.

Adituen ustez, Polinesiako lehen biztanleak duela 3.000 urte heldu ziren uharte horietara, eta nondik heldu ziren eta nola zabaldu ziren azaltzeko hainbat teoria plazaratu dira. Arratoia gizakiekin batera iritsi omen zen, eta animalia hori ikertuz datu berriak lortu dituzte orain.

Aztertutako arratoien mitokondrioetako DNA hiru haplotaldetan banatzen dela ikusi dute. Lehena Asiako hego-ekialdeko irletako arratoietan agertzen da. Bigarrena Asiako hego-ekialdekoetan eta Ozeania Hurbilean (Ginea Berria, Salomon uharteak) aurkitu dute. Hirugarren haplotaldea, bestalde, Ozeania Urruneko arratoietan baino ez dute aurkitu (Vanuatu, Fiji, Samoa).

Emaitza horietatik ondorioztatu dute Polinesiako lehenengo biztanleek jatorri bi zituztela. Ozeania Hurbilera Asiako hego-ekialdetik heldu omen ziren, baina ez ziren handik zabaldu Ozeania Urrunera. Ikertzaileen ustez, hango populazioa Asia kontinentaletik heldu zen, seguruenik.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila