Armintzako flysch beltz deritzona nola sortu zen argitu dute

armintzako-flysch-beltz-deritzona-nola-sortu-zen-a
Armintzako flysch beltza. Arg. EHUko Geologia Saila.

Armintzako flysch beltza sortzea eragin zuten ozeano-baldintzak berreraiki dituzte EHUko geologoek, sedimentuan dagoen mikrofaunan oinarrituta; zehazki, aldi Albiarraren eta Zenomiarraren artekoa (duela 113-94 milioi urtekoa).

Izan ere, sedimentuetako mikrofauna (foraminifero bentoniko eta planktonikoak, eta ostrakodoak) garai eta toki hartako lekuko esanguratsuak dira. Hala, espezie horien osaera eta banaketa aztertuta, Armintzako flysch beltzaren sorrerari buruz lehendik zekitena osatu eta xehatu dute ikertzaileek.

Besteak beste, kalkulatu dute, garai hartan, itsasoaren sakonera 600 metro ingurukoa zela. Flysch beltzeko sedimentuak materia organikoan aberatsak direla baieztatu dute, eta organismo gehienak (% 90 baino gehiago) foraminifero planktonikoak direla. Azaldu dutenez, horrek esan nahi du, sedimentu horiek metatu ziren garaian, ur-masa oxigenatu bat egon zela azalean, oso oxigeno-maila txikiko ur-masa geldi sakonago baten gainean. Hurrengo fasean, ordea, organismo bentonikoen ugaritzea hautematen dute, eta ur sakonagoetakoak diren foraminifero planktonikoak agertzen dira. Horrenbestez, ondorioztatu dute urak geldirik egoteari utzi ziola, nahiz eta hondoan nolabaiteko oxigeno-eskasia egoten jarraitu zuen. 

Hain zuzen, oxigeno-gabeziarekin lotzen da Armintzako flyscha bereizten duen kolore iluna. Continental Shelf Research aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila