Argiaren nazioarteko eguna: argitasunari eusteko ospakizuna

Simone Eizagirre Barker

Cambridge Unibertsitatean Cavendish Laborategiko doktoregaia

argiaren-nazioarteko-eguna-argitasunari-eusteko-os
Arg. Wikimedia Commons

Argia eta hura menperatzeko moduek beti liluratu gaituzte. Gizakiak sua pizten ikastea une iraultzailetzat hartzen dugu; ez bakarrik berotasuna emateko eta elikagaiak prestatzeko era berriak ekarri zizkigulako, aurkikuntza horren ondorioz gizakiak ere argia sortzeko modua asmatu zuelako baizik. Historiaurrean su hori piztea historiako lehen esperimentu optikotzat har genezake, eta sua piztearekin batera, fotonika deritzogun zientzian abiatu ziren gure ahaideak. Harrezkeroztik, argiaren espektro osoa erabiltzeko gai bihurtu gara (hasi X izpi eta ultramoretik, eta infragorri eta mikrouhinetara), eta argian oinarritutako teknologiek izugarri eraldatu dute gure eguneroko bizitza, argia ikertzen duen arlo zientifikoan (optikan eta fotonikan) garatu diren aurrerapenei esker.

Argiaren nazioarteko eguna igandean, maiatzaren 16an, ospatuko dugu, 2018tik, Theodore Maiman-ek 1960an munduko lehen laserra erabili zuen egunaren urteurrenean. Egun, laserrak eguneroko gailu elektroniko askoren oinarrizko osagaiak izateaz gain, tresna oso baliagarriak dira argia eta materiaren arteko elkarrekintza ikertzeko. Argia xurgatu eta igortzen duten erdieroaleak ulertzeko erabiltzen dira laserrak laborategietan, eta mekanismo hauek menderatzeak gailu fotoniko berrien garapena dakarkigu; hala nola, diodo argi-igorle (LED) eta eguzki-panel merkeagoak eta eraginkorragoak lortzeko. 

Fotonikan egin diren aurrerapenek izugarrizko eragina izan dute fisikan, kimikan eta biologian. Zientzialariek erreakzio kimikoetan loturak nola sortu eta desegiten diren ikertu dezakete laser-pultsazio ultra azkarrak erabiliz. Biofisikan, adibidez, DNA aztertzeko “pintza optikoak” erabiltzen dira, laserrekin DNA partikulak banaka harrapatu eta ikertzeko. Medikuntzan, bestalde, irudigintza teknika berriek diagnostiko hobeak ahalbidetzen dituzte, eta laser bidezko ebakuntzak eta tratamenduak sortu dira. Era berean, argiak funtsezko papera betetzen du telekomunikazioan, sare mugikorrak eta Internet zabaltzeko aukera eskaintzen baitute: zuntz optikoei esker, informazioa argiaren bitartez bidali dezakegu distantzia luzeetan zehar, itsasoan barrena eta lur azpitik, argiaren abiaduran. Meta-materialen arloak, aldiz, argiarekin modu berri eta ustekabekoetan elkar eragiten dituzten materialak sortzea du helburu, eta oihal ikusezinak edota ezinezkoak diruditen portaerak dituzten materialak garatzen ditu. Eta argi-uhin edo -partikula indibidualak (fotoiak) banaka sortu eta haien propietateak banaka kontrolatzea du helburu fotonika kuantikoak, etorkizuneko ordenagailu eta komunikazio kuantikoak garatzeko.

Baina zertarako behar du argiak bere eguna? Argia, airea bezala, gure eguneroko bizitzako elementu arrunta da, arretarik ematen ez dioguna, etxeko argindarra mozten denean edota hodei ilunek zeruko argitasuna estaltzen dutenean ezik… Baina argi hori, gizakiaren buru-argitasunari esker dugu, hain zuzen ere! Gizakiak aztertu, ikertu eta sinesgaitzak diruditen modutan erabili eta moldatu du argia gizateriaren zerbitzurako. Hori da, azken batean, zientzia eta teknologiaren helburua. UNESCO-ko Argiaren Nazioarteko Egunaren antolatzaileen arabera, gai honetan gizarteko sektore guztiek aurkitu dezakete inspirazioa, argiak gure bizitzan duen eragina nabarmendu eta ospatzeko. Aurten, gainera, zientziaren eta teknologiaren aurkikuntzetan oinarrituta dauden irtenbideetan konfiantza sustatzeko konpromisoa du egunak: #TrustScience (#ZientziazFido) kanpainak jadanik milaka lagunen sinadura du eta trust-science.org-en aurkitu dezakezu.

Igande honetan beraz, unetxo bat hartu eta pentsatu argian (tximeleten hegoen irisazioan, ortzadarrean, ispiluetan, eguzki-izpietan, edota zure mugikorreko pantailan...), eta sare sozialetan #ArgiarenEguna edo #LightDay2021 traolak erabiliz zure gogoetak partekatu!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.