Ezerk ez du argia baino azkarrago bidaiatzen. Hutsean horrela da; eta beste inguruneetan? Argiaren abiadura hutsean, hau da, materiarik ez dagoen ingurunean, 300.000 km segundokoa da. Uretan, ordea, 225.000 km segundoko abiadura dauka eta diamantea, berriz, 125.000 km segundoko abiaduraz zeharkatzen du . Zeharkatu beharreko ingurunea zenbat eta trinkoagoa izan, orduan eta polikiago higituko da argia. Duela urtebete 61 km orduko abiaduran higitzen zen argia behatzea lortu zuen Danimarkako fisikari-talde batek.
Bose-Einsteinen kondentsazio teoriaz baliatuz, argia zero absolututik (-273,16 ºC) oso gertu dagoen ingurunetik pasarazi zuten. Hain tenperatura baxuetan atomoak ia geldirik daude eta oso propietate bereziak garatzen dira, argiak ingurune hori oso poliki zeharkatzen duelarik. Danimarkarrek duela urtebeteko marka hautsi berri dute, argiaren abiadura 1,5 km ordukoa izatea lortu baitute; hau da, hutsean duena baino 600 milioi aldiz txikiagoa eta oinez dabilen gizakiarena baino 3,3 aldiz txikiagoa. Ikertzaileen arabera, deskribatutako fenomenoak aplikazio garrantzitsuak izan ditzake etorkizunean telekomunikazioen alorrean.