Estatu Batuetako Yale Unibertsitateko fisikari batzuek lortu dute gauzak argiarekin mugitzea. Oso gauza txikiak izan behar dute, tamaina nanoskopikoa duten gauzak alegia, eta oso argi kontzentratua erabili behar da horretarako. Hain zuzen ere, horretan datza gakoa; argiaren fotoiek objektu baten kontra jotzen dutenean, indar txiki bat transmititzen diote objektuari; indar hori txikiegia da gauza gehienak mugitzeko, baina, izpiak (fotoiak) kontzentratuz gero, gauza ñimiñoak bultzatzeko modukoa da.
Yaleko fisikarien arabera, erdieroale elektrikoen puska txikiak mugitzeko adina indar lortu dute, eta, beraz, teknika hori nanoelektronikaren industrian erabil liteke. Gainera, tamaina-maila horretan, argiak beste efektu berezi batzuk eragin ditzake, objektuekiko erresonantzia lortuz gero. Zenbait kasutan, objektuak fisikoki hartu eta nahi den tokira mugi daitezke laser-izpien bitartez.