Argia mantsotu eta gera daiteke, teorian behintzat. Baina nola? Ortwin Hess fisikari britainiarrak aurkitu du metamaterialak erabilita egin daitekeela. Material horiek errefrakzio-indize negatiboa dute; argi-izpiak airetik uretara pasatzean angelu batekin okertzen dira, eta metamaterial batean sartzean, aldiz, kontrako angeluarekin desbideratzen dira. Hessek kalkuluak egin ditu jakiteko zer gertatzen zaion argiari metamaterial bat tartekatuta duen hiru materialeko sistema batean. Emaitza da sistemak argia mantsotzen duela, eta, gainera, sistema osoaren lodieraren arabera egiten duela hori. Lodiera batetik aurrera, argia geratu egingo litzateke erabat barruan; hori bai, kolore ezberdinetako izpiak fisikoki bereizita. Nolabait, ortzadarra harrapatuko luke material berezi baten barruan. Material hori ez da existitzen, baina, ustez, existitzeko bidean dago.