Argia, bihotzaren bihotza argitzeko

Argia, bihotzaren bihotza argitzeko
2011/01/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Berriki argitaratutako bi artikuluk erakutsi dute optogenetika teknika baliagarria dela bihotzaren garapena eta funtzionamendua ikertzeko. Teknika hori argiarekiko sentikorrak diren bi proteinatan oinarritzen da (channelrhodopsin eta halorhodopsin). Berez, mikroorganismo batzuen proteinak dira, baina ikertzaileek laborategiko animalien neuronetan espresatzea lortu dute. Proteinek argiarekiko sentikorrak diren ioi-kanal gisa funtzionatzen dute; hala, kolore desberdinetako argi-pultsuak erabiliz, neurona bakanak edo garun-zirkuituak kontrola ditzakete ikertzaileek.

Orain, teknika hori bihotzeko muskulu-zeluletan erabili dute. Izan ere, kardiomiozitoak potentzial elektrikoen bitartez aktibatzen dira, ioiak zelulatik kanporatuta edo zelulara sartuta. Hortaz, aproposak dira optogenetika aplikatzeko.

Normalean, fisiologoek korronte elektrikoak erabiltzen dituzte bihotz-zelulak kitzikatzeko. Baina elektrizitateak gas toxikoak sortzen ditu, eta zelulen pHa aldatzen du. Horregatik, ikertzaileek ezin dituzte zelulak luzaroan kitzikatu. Optogenetikari esker, arazo hori gainditzea lortu dute.

Ikerketetako bat Nature Methods aldizkari espezializatuan argitaratu dute. Ikerketa horretan, saguen zelula ametatik abiatu dira, bihotzean channelrhodopsin proteina espresatzen duten saguak lortzeko. Argi urdinaren pultsuen bitartez, bihotzekoak eta arritmiak simulatzeko gai izan dira.

Science n plazaratu dute beste ikerketa, eta zebra-arrainekin egindako lanaren berri eman dute han. Arrainak genetikoki eraldatu dituzte, bihotz-zeluletan channelrhodopsin eta halorhodopsin proteinak espresatzeko. Gero, argi laranja erabilita, bihotz-zelulak zehaztasun osoz kontrolatu dituzte.

Optogenetikaren baliagarritasunaren adibide dira bi ikerketak. Gainera, garunean eta bihotzean ez ezik, beste organo batzuetan ere erabiltzen hasiak dira zenbait ikertzaile, hala nola muskulu eskeletikoan.

1
271
2011
1
015
Bioteknologia; Medikuntza; Anatomia/Fisiologia
Albisteak
18
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila