Argi-iturri bihurtu dituzte nanohodi akastunak

EHUko ikertzaileek garatutako gailua erraz integra daiteke teknologia mikroelektronikoan

argi-iturri-bihurtu-dituzte-nanohodi-akastunak
EHUko NanoBio Espektroskopia taldeak proposatutako gailuaren eskema. Ikerketaren emaitzari esker, argi-igorle berri baten patentea lortu da. Argi-igorle horren ezaugarria da espektro ikusgai eta ultramore osoan igortzen duela argia giro-tenperaturan, eta metodo estandarrak erabiliz fabrikatu daitekeela. Arg. NanoBio Espektroskopia taldea/EHU

Boro nitrurozko nanohodietan oinarrituta, eraginkortasun handiko gailu optoelektronikoak garatzeko egokia den argi-iturri berri bat sortu dute EHUko ikertzaile batzuek. EHUko NanoBio Espektroskopia taldeko Angel Rubiok eta haren kideek proposatu dute gailua. Gailuak etekina ateratzen die boro nitruroaren egiturazko akatsei.

Ikertzaileek boro nitruro hexagonalarekin lan egin dute, askoz propietate hobeak baititu gaur egun argi-igorle moduan erabiltzen diren beste metal eta erdieroale batzuek baino, biltegiratze optikoarekin loturiko aplikazioetan (DVD) eta komunikazioetan erabiltzeko. Argi ultramorearen igorle gisa merkatuan dagoen onenetako da, Rubioren esanean.

Arazo bat du, ordea: argi ultramorearen tarte oso mugatuan igortzen du argia, eta, ondorioz, ezin da erabili argi-igortzea maiztasun-tarte handiagoetan eta modu kontrolatuan gertatzea eskatzen duten aplikazioetan (adibidez, argi ikusgaidun aplikazioetan).

EHUko NanoBio Espektroskopia taldean egindako ikerketan, muga hori gainditu ahal izateko irtenbide bat aurkitu dute.  Frogatu dutenez, boro nitruro hexagonalezko nanohodiarekiko perpendikularra den eremu elektriko bat aplikatuta, lor daiteke hark infragorritik ultramore urrunerako tarte osoan igortzea argia, eta igorpena erraz kontrolatzea.

EHUko NanoBio Espektroskopia taldeko zuzendari Angel Rubio. Arg. Argazki Press

Gailuaren funtzionamendua nanohodien berezko akatsak (edo eragindakoak) erabiltzean datza. Hain zuzen, nanohodiaren hormako hutsuneei esker da posible igorpen kontrolatua. Hutsunea horiek boro atomo bat falta delako sortzen dira, eta akats hori ohikoa da haren fabrikazioan.

Proposatutako gailuaren soiltasuna nabarmendu du Rubiok: “Akatsekin funtzionatzen duen gailu bat da, eta eraikitzeko eta kontrolatzeko erraza dena. Ohiko transistoreek bezalako konfigurazioa du, eta proposatzen dugun egitura honek funtzionatuko luke gaur egungo gailuetan”.  Muga, momentuz, ekonomikoa da. Izan ere, boro nitrurozko nanohodi oso gutxi ekoizten dira oraindik, eta ez dago eskala komertzialean prozesu hori ekonomikoki bideragarria egiteko moduko sintesi-prozesurik.

Ikerketaren emaitza Scientific Reports aldizkarian argitaratu dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila