Ardoaren koloreak zerikusia du kalitatearekin

Ardoaren koloreak zerikusia du kalitatearekin
2008/01/01 | Elhuyar
(Argazkia: Nafarroako Unibertsitatea)

Irene Esparza Catalán Nafarroako Unibertsitateko ikertzaileak ardoaren kolorearen eta kalitatearen adierazgarri diren parametroen arteko erlazio zuzena egiaztatu du bere doktore-tesian.

CIELAB parametroak aztertu ditu (CIELAB parametroak egun ardoen koloreak neurtzeko erabiltzen diren parametroak baino zehatzagoak dira) eta ikusi du parametro horiek elkarrekintza zuzena dutela ardoaren konposatu fenolikoekin. Alegia, kalitatearekin. Elkarrekintza horren irudipena bazuten ikertzaileek, baina enpirikoki egiaztatu gabe zegoen oraindik ere.

Halaber, aurkikuntza hori abiapuntutzat hartuta, ikertzaileak ekuazio matematiko arrunt bat proposatu du ardoaren jarduera antioxidatzailea aurreikusteko. Ekuazio matematiko hori argitasunaren eta kolore gorriaren adierazle diren CIELAB parametroetan oinarritzen da. Litekeena da upeltegietan egiten diren ohiko kolore-azterketetarako ekuazio interesgarria izatea oso.

Bestalde, antozianinen analisian oinarritu da ikerketa. Konposatu horiek kolore gorria ematen diote ardo beltzari. Horren ondorioz, doktore berriak hainbat substantzia erlazionatzen dituen formula proposatu du. Formula horrek mahatsaren barietatea eta jatorri geografikoa definitzen lagunduko du. Hala, gerta litezkeen iruzurrak kontrolatzen eta Nafarroako jatorrizko deitura duten ardoak identifikatzen lagunduko du.

Horretaz gain, ardoen uhertasuna saihesteko, zenbait ardotan agertzen diren metal nagusien, hau da, burdinaren, kobrearen, manganesoaren eta zinkaren, azterketa egin du. Ikusi du burdinaren eta kobrearen kantitateak nabarmen murrizten direla hartziduran. Datu garrantzitsua da hori, bi konposatu horiek ardoa uhertu dezaketela kontuan hartzen bada. Horren harira, metodologia elektrokimiko bat jarri du martxan, ardoaren kobre-galera aurreikusteko. Teknika horrek metalen eta ardoaren kalitatearen arteko lotura ikertzen lagunduko du, eta ardoa oraindik ere erabat garatu gabe dagoen edo edateko prest dagoen baieztatzen lagunduko du.

1
238
2008
1
012
Kimika
Berriak labur
7

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.