Araztegi-urek, ondo tratatuta eta diluituta isuri arren, ibaietako dibertsitatean eta sare trofikoan eragiten dutela frogatu du EHUko Ibai ekologia ikerketa-taldeak, hondakin-uren araztegi handi bateko urekin egindako esperimentu baten bidez. Horrenbestez, ondorioztatu dute hondakin-urak tratatzeko gaur egun ezarrita dauden mugak eta erabiltzen diren prozedurak ez direla nahikoak ekosistemak babesteko.
Journal of Environmental Management aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Artikuluan azaldu dutenez, ur zikinen araztegiek eta ingurumen-arautegien prozedurek nabarmen hobetu dute mundu osoko uraren kalitatea. Hala ere, araztegietatik isurtzen diren efluenteek, nahiz eta tratatuta dauden, kutsatzaileak, nutrienteak eta patogenoak izaten jarraitzen dute. Araztegi aurreratuek ere, hau da, nutrienteak, materia organikoa eta metalak murrizteko tratamendu gehigarriak aplikatzen dituztenek ere, eragina dute, isuriak luzaroan mantentzen badira.
Ondorio horretara iristeko, esperimentu berritzaile bat burutu dute EHUko Ibai ekologia taldeko ikertzaileek. Lehenik, kutsadurarik gabeko errekasto batean aukeratutako bi tartetan hainbat aldagai neurtu zituzten urtebetez. Ondoren, araztegi batean ondo tratatu eta asko diluitutako urak tarte horietako batera desbideratu zituzten, eta beste urtebetez neurketak egin genituen bi tarteetan, isuri horiek errekako dibertsitatean, sare trofikoan eta ekosistemaren funtzionamenduan eragiten zituzten aldaketak ezagutzeko.
Hala, frogatu zuten ornogabeen dibertsitatea murriztu egin zela eta komunitateak heterogeneoagoak bihurtu zirela; algak ugaritu ziren, eta landarez elikatzeko joera areagotu. Agerian utzi dute, beraz, gaur egun hondakin-urak tratatzeko erabiltzen diren prozedura aurreratuenek ere ur gezatako ekosistemetan eragiten jarraitzen dutela, eta, uretako sare trofikoak kontserbatzeko.
Elhuyarrek garatutako teknologia