Kristo aurreko laugarren mendean, antzoki perfektua eraiki zuten antzinako grekoek: Epidaurus. Antzoki hartan, eszenatokitik hirurogei metrora zeuden ikusleek ere argi eta ozen entzuten zituzten antzezleen ahotsak. Nola lortzen zuten hori? Estatu Batuetako fisikari batzuek aurkitu dute soinuaren maiztasun baxuak xurgatzeko diseinatuta zegoela antzokia.
Izan ere, maiztasun baxuek egiten dute urrutitik ondo entzuteko traba gehien. Maiztasun horiek kenduta, antzezleen ahotsak urrutitik entzuten dira, gehienbat maiztasun altuak izaten direlako. Baina soinuari maiztasun baxuak kentzea (edo moteltzea) ez da erraza. Antzokiaren diseinuak, 34 ilaraz osatutako egiturak, maiztasun horiek iragazten ditu, eta maiztasun altuei bakarrik uzten die pasatzen. Ikuslez beteta dagoenean, efektua ez da berdina, eta, hala ere, akustikak ona izaten jarraitzen du.
Fisikari batzuek uste dute antzokiaren orientazioak ere laguntzen duela efektu horretan, haizeak beti eszenatokitik eserlekuetarantz jotzen duelako. Beste batzuen arabera, antzezlanak berak ziren egokiak Epidaurusen eta mota horretako antzokietan jokatzeko, berbaldiak horretarako erritmo berezia zuelako. Dena dela, argi dago antzokien diseinua dela kalitatearen gakoa. Horretan bereziki ona da Epidaurus. Fisikariek ez dakite kasualitatearen ondorio den ala ez.