Antzinako zibilizazioak lehorteari aurre egin ezinean

Antzinako zibilizazioak lehorteari aurre egin ezinean
2007/03/01 | Elhuyar
(Argazkia: Wikimedia Fundazioa)

Txinako Tang dinastia, txinatar zibilizazioaren dinastia nagusietako bat, eta Mexikoko maien gizartea garaikideak izan ziren. K. o. VIII. mendearen erdialdera izan zuten goraldia, eta, hamarkada batzuetan, gainbehera etorri eta desagertu egin ziren, bai bata eta bai bestea. Teoria berri batek dio litekeena dela mundu osoaren ipar-hemisferioko tropikoetan gertatu zen lehorraldi bat izatea gainbeheraren eragileetako bat.

Alemaniako Geozientzia Aztertzeko Zentroko ikertzaile batzuek ikusi dute VIII. eta IX. mendeetan Txinan udako montzoi-euriak ohikoak baino urriagoak izan zirela, eta Mexiko inguruan ere euri gutxiago egin zuela. Susmoa dute mundu mailan gertatu zen fenomeno baten ondorioak izan zirela. Litekeena da, denbora-tarte horretan, tropikoetan euria eragiten duen konbergentzia-zona intertropikala hegoalderantz mugitu izatea, eta horren ondorioz izatea euri-eskasia lurralde horietan.

Hala ere, lehortea ez zen izan bi zibilizazio horien gorabehera bakarra, beste arazo sozial batzuk ere bazituzten. Ikertzaileen ustez, bi gizarteak gainpopulatuta zeuden, hau da, ingurunearen baliabideak kontuan hartuta, pertsona gehiegi bizi ziren. Hain ustez, lehorteak arazoak areagotu egin zituen, besterik ez.

1
229
2007
3
013
Historia; Klimatologia
Berriak labur
8
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila