Holozenoan bizi gara. Geologoek horrela deitzen diote gutxi gorabehera duela 11.500 urtetik honako garaiari, denbora-tarte horretan Lurrak egoera geologiko jakin bat izan duelako: topologia eta klimatologia jakin bat. Holozenoaren hasiera ondo zehaztuta dago, azken glaziazioaren bukaera, eta, ohiko definizioaren arabera, ez da oraindik amaitu. Baina, geologo-talde batzuen arabera, duela 200 urte bukatu zen. Haien ustez, une hartatik hona, Lurraren topografia eta klimatologia nabarmen aldatu dira, giza jardueraren ondorioz. Horregatik proposatu dute epoka geologiko berri bat definitzea: azken 200 urteetako denbora-tarteari Antropozeno deitu nahi diote.