Antoine Henri Becquerel

Azkune Mendia, Iñaki

Elhuyar Fundazioa

Fisikari frantses hau, Parisen jaio zen 1852.eko abenduaren 15ean. Familian ere fisikariak baziren. Antoine Cesar aitonak, Napoleonen aginduetara borrokan egin eta Waterloo-ko porrotaren ondoren, piezoelektrizitatea, bi likidozko pila eta pila fotovoltaikoa aztertu zituen, besteak beste. Alexandre Edmond aita, fluoreszentziaz eta fosforeszentziaz arduratu zen. Espektroskopian plaka fotografikoak erabili zituen, erradiazio ultramoreak aztertuz.

Dena den, Antoine Henri Becquerel Eskola Politeknikoan hasi zen bere zientzi ikasketak egiten eta gero Errepide Injinerutzako eskolan eman zien jarraipena.

Antoine Henri Becquerel.

1892. urtean fisika-irakasle hasi zen aitaren ordez Parisko Historia Naturaleko Museo Nazionalean. 1894.ean Zubi eta Errepide Departamentuan injineruburu ere izendatu zuten.

Becquerel bere ikerketetan, aitaren haritik fluoreszentzia eta fosforeszentzia ikertzen ari zen, baina bere bilakaeran egitura atomikoari XIX. mendean zegoen ikuspegia irauliko zion zerbaitekin topo egin zuen.

Roentgen-ek X izpiak aurkituak zituen eta Becquerelek substantzia fluoreszenteek izpi horiek igortzen zituzten ala ez egiaztatu nahi izan zuen. Roentgen-ek, izan ere, sortzen zuten fluoreszentziagatik aurkitu baitzituen X izpiak.

1896. urtean, argazki-plaka bat paper beltzean ongi bildu eta gainean elementu kimiko fluoreszentea zuela eguzkitan utzi zuen. Eguzki-argiak fluoreszentzia sortzen bazuen eta fluoreszentziak X izpiak bazeuzkan, izpi haiek paperean zehar plakaraino helduko ziren, nahiz eta eguzki-argia eta argi ultramorea iritsi ez. Becquerelek uranil eta potasio sulfatoa erabili zituen, konposatu bat osatu eta gero bildutako plakaren gainean ipini.

Plakak atera eta erabat belatuta zeudela ikusi zuen. Erradiazioek paper beltza zeharkatu egin zuten, eta Becquerelek X izpiak fluoreszentziek sortzen zituztela pentsatu zuen.

Hurrengo egunetan egun hodeitsuak suertatu ziren eta Becquerel urduri zegoen. Bildutako beste plaka bat kaxoi batean utzi behar izan zuen bere kristala gainean zuela, eguraldi txarra zela eta. Egunak igarota, plaka irekitzea erabaki zuen. Eguzkitan egon ez zen arren, agian kristalak lehendik fluoreszentzi apur bat eduki eta plaka zertxobait belatuta egongo zen. Irekitakoan ordea, plaka erabat belatuta zegoela ikusi zuen. Konposatuaren erradiazioan eguzki-argiak ez zeukan zerikusirik eta, ondorioz, fluoreszentziak ere ez.

Eguzkia alde batera utzita, erradiazio haiek X izpiak bezalakoak zirela konturatu zen. Izan ere, materia zeharkatu egiten zuten batetik, eta airea ionizatu ere bai bestetik. Norabide guztietara zabaltzen zen etengabeko erradiazio hari, Curie andereak “erradioaktibitate” deitu zion 1988.ean. Dena den, urte batzuetan uranioaren erradiazioari Becquerel izpi deitu zitzaion.

1899. urtean erradiazioak eremu magnetikoaz desbideratu egin zitezkeela konturatu zen. Beraz, haietako batzuk zatiki kargatuak zirela ondorioztatu zuen. 1900. urtean, negatiboki kargatutako zatia izpi katodikoetako (J. J. Thomson-ek aurkitu zituen) elektroi azkarrak zirela proposatu zuen.

1903. urtean Fisikako Nobel saria jaso zuen Curie senar-emazteekin batera.

Erradiatutako elektroiak, uranio-atomoen barnetik igortzen ziren, 1901. urtean Becquerelek adierazi zuenez. Hura zen atomoa gauza zehatza zela eta bere barne-egitura zuela adierazten zen lehen aldia.

Bere aurkikuntzak medio, 1903. urtean Fisikako Nobel saria jaso zuen Curie senar emazteekin batera.

1908. urtean Zientzi Akademiako idazkari izendatu zuten.

Nazioarteko Sisteman Becquerel izena erabili da erradioaktibitate-unitate gisa. Segundoko berezko trantsizio nuklear bat gertatzeko behar den nukleoaren iharduera da.

Antoine Henri Becquerel, Le Croisic-en (Loira Beherean) hil zen 1908.eko abuztuaren 25ean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila