Hiesa hartzeko arriskua % 43,8 gutxitzen dutela frogatu dute
Antirretrobiralak hiesa prebenitzeko eraginkorrak direla erakusten duen ikerketa bat argitaratu dute New England Journal of Medicine aldizkarian. iPREX da ikerketaren izena, eta, zehazki, III. faseko saio baten emaitzak dira plazaratutakoak. 2.499 pertsonak parte hartu zuten saio hartan, sei herrialdetakoak (Brasil, Ekuador, Peru, Thailandia, Hego Afrikako Errepublika eta Ameriketako Estatu Batuak), eta gizonezkoekin sexua duten gizonezkoak ziren denak--hiesaz kutsatzeko arrisku handiena duen taldeetako bat--.
2007ko uztailaren eta 2009ko abenduaren artean egin zuten ikerketa. Denbora horretan, boluntarioen erdiak tratamenduan erabili ohi diren bi botika antirretrobiral hartu zituen egunero: entrizitabina eta tenofovirra. Beste erdiak, berriz, plazeboa hartu zuen. Infektatzeko moduei eta babes-neurriei buruzko informazioa eman zieten denei, eta preserbatiboak banatu zizkieten.
Probaren amaieran, bi taldeen artean alde nabarmena zegoela ikusi zuten ikertzaileek: botikak hartzen zituztenen artean 36 kutsatu zeuden; beste taldean, 64. Alegia, botikak hartzeak % 43,8 gutxitzen du infektatzeko arriskua.
Emaitza ona den arren, zenbait adituk zuhurtziaz hartu dute albistea. Haietako batzuk, adibidez, kezkatuta daude albo-ondorioengatik: esperimentuan parte hartu dutenei albo-ondorio larririk antzeman ez bazaie ere, ezin da jakin zer gertatuko litzatekeen antirretrobiralen bidezko prebentzioa urteetan luzatuz gero. Beste batzuek dirua dute kezka-iturri, prebentzio gisa oso garestia baita. Azkenik, bada pentsatzen duenik albisteak jendea lasaitzera eta axolagabe jokatzera eraman dezakeela.
Halako zalantzak eta kezkak alde batera utzita, ikerketak badu beste ondorio bat. Hain zuzen, beste talde batzuk ere ari ziren probatzen antierretrobiralak prebentzio gisa, hala nola heterosexualak. Orain, botikak eraginkorrak direla frogatu denez, ez da etikoa batzuei plazeboa ematea; beraz, esperimentuen diseinua aldatu egin beharko da.
Edonola ere, ikerketaren emaitzak onak dira, eta, hiesaren aurkako borrokan hainbestetan porrot egin ondoren, ezin da ukatu pauso bat dela prebentzio-neurri berriak topatzeko bidean.