SIV duten tximinoetan, antigorputzen bidezko terapia bat probatu dute Estatu Batuetako Emory Unibertsitateko ikertzaileek, eta oso emaitza onak izan dituzte. SIV birusa gizakien GIBaren parekoa da, eta ikertzaileek erabili duten antigorputzak proteina bati eragiten dio, PD-1 proteinari.
PD-1 proteinak erantzun immunologikoa apaltzen du. Ikertzaileek pentsatzen zuten proteina hori gabe immunologia-sistemaren zelula batzuk indartu egingo zirela, eta halaxe gertatzen dela frogatu dute: birusei eraso egiten dieten T-killer zelulak areagotu egiten dira, proteina antigorputzaren bidez ezabatuz gero. Hala, tratamendua jaso ez zuten tximinoak hil egin ziren SIV birusak infektatu eta bost hilabete igarora; tratamendua jaso zutenek, berriz, ez dute sintomarik azaldu denbora-tarte berean.
Gainera, PD-1 proteina ez da hiesaren birusarekin eta antzekoekin bakarrik apaltzen; epe luzeko beste infekzioetan ere gauza bera gertatzen da. Horregatik uste dute C hepatitisa eta minbizia tratatzeko ere egokia izan daitekeela antigorputz hori.
Ikerketa Nature aldizkarian argitaratu dute, eta, oraingoz, tximinoetan egin dituzte probak. Laster, gizakietan probatzen hasteko asmoa dute.