Antartikaren gaineko ozono-geruzaren zuloa osatzen hasi dela erakusten duten lehen zantzuak jaso dituzte zientzialariek. Science aldizkarian azaldu dituzte emaitzak, eta, erakutsi dutenez, azken 16 urtetan, 4 milioi km2 txikitu da. Hain zuzen, 2000. urtean iritsi zen zuloa inoiz baino handiagoa izatera; geroztik, txikitzen joan da, ez modu jarraituan, hala ere. Esaterako, sumendi-erupzioek eragin kaltegarria dutela ikusi dute. Dena dela, ozono-geruza babesteko neurriek eragina izan dutela berretsi dute ikertzaileek.
1950eko hamarkadan hasi ziren jasotzen ozono-geruzari buruzko datuak. Hiru hamarkada geroago, urrian, Antartikako base britainiarreko ikertzaileak ohartu ziren hil horretan ozonoa jaitsi egiten zela. Geroztik, urriko datuak erabili izan dira ozonoaren gorabeherei jarraitzeko. Hala, ozono-geruza mehetzen ari zela konturatu ziren, eta, 1986an frogatu zuten atmosferara isuritako kloroak ozonoa suntsitzen zuela. Horrenbestez, 1987an klorofluorokarbonatuak (CFC) ez erabiltzeko konpromisoa hartu zuten munduko ia herrialde guztiek, Montrealgo Protokoloaren bidez, haiek jo baitzituzten ozono-geruzaren aurkari nagusitzat.
Massachusettseko Teknologia Institutukoko (MIT) Susan Salomonek zuzendu du Sciencen argitaratu berri den ikerketa, eta, hark azaldu duenez, orain irailean egiten dituzte neurketak, hil horretan meteorologia egonkorragoa baita urrian baino. Eta aurreko urteetan irailean jasotako datuek erakutsi dute zuloa osatzen ari dela narbarmendu du Salomonek, ereduek aurreikusitako modu berean, hain justu.
Elhuyarrek garatutako teknologia