Antartikaren mendebaldeko izotz-geruzaren azpian aktibo jarraitzen duen sumendi baten berri eman dute Nature Geosciences aldizkarian. Zientzialariek izotz azpiko sumendi baten jarduera hauteman duten lehen aldia da. Horretarako, radar bidez izotza zundatu zuten, eta orain dela 2.000 urte erupzioa izan zuen sumendi batek sortutako errauts-geruza bat aurkitu zuten. Aurkitu ez ezik, erupzio horren beste hainbat datu ezagutu dituzte radarrari esker, hala nola noiz gertatu zen, zer indar izan zuen eta errautsek zer azalera bete zuten. Esan dutenez, Antartikan azkeneko 10.000 urteetan gertatutako erupzio bortitzena izan zen. Izotz-geruzan zulo handi bat egin zuen, eta hamabi kilometro inguruko gas- eta errauts-geruza bat sortu zuen.