Bioteknologian erabilgarriak izan daitezkeen hamaika espezie aurkitu dituzte
Eguzkiaren eta izpi ultramoreen erradiaziotik babesteko sistemak sortzeko batzuk; ingurune gazietan eta hotzetan bizirik irauteko sintetizatzen dituzten molekula bioegonkortzaileak erauzteko besteak (kosmetikan eta farmazia-industrian erabiltzeko); hamaika erabilera izan ditzakete Antarctic Bioresources (Antartikako biobaliabideak) ekimenean Antartidan aurkitu dituzten bakterioek. Hain zuzen, hori da 2008an abiatutako proiektuaren helburua: bioteknologian erabilgarriak izan daitezkeen espezieak aurkitzea.
Dagoeneko 200 espezie berri baino gehiago aurkitu dituzte. Batzuek espero ziren ezaugarriak dituzte; hau da, psikrofiloak, halofiloak, azidofiloak edo alkalofiloak dira (alegia, ur hotzetan, gazietan eta muturreko pH-kondizioetan bizi dira). Alabaina, Antartikan ez dauden kondizioetara egokituta dauden bakterioekin ere egin dute topo han. Esate baterako, 95 ºC-an bizi daitekeen mikrobio bat aurkitu dute izotzetan. Beste batek, edozein bizidun ezagunek jasan dezakeen gamma-erradiazioaren halako 5.000 jasan dezake permafrostean 15 metroko sakoneran bizi den arren.