2021/05/12
eu es fr en cat gl
Aparecerá un contenido traducido automáticamente. ¿Deseas continuar?
Un contenu traduit automatiquement apparaîtra. Voulez-vous continuer?
An automatically translated content item will be displayed. Do you want to continue?
Apareixerà un contingut traduït automàticament. Vols continuar?
Aparecerá un contido traducido automaticamente. ¿Desexas continuar?
Animalien itzultzaile automatikoa
Zetazeoen zenbait ezaugarrik gureekin duten antzekotasunean oinarrituta, adimen artifizialaren bidezko itzultzaile bat egiteko asmoa dute ikertzaile batzuek. - Arg. Annabel Beichman
Aspaldiko eztabaida da gizakia ote den mintzatzeko ahalmena duen espezie bakarra. Galderak berak kutsu antropozentriko nabarmena du, baina, eztabaida horretan sartu gabe, ukaezina da bizidun askok komunikazio-sistema konplexuak dituztela, eta haiek ikertzen eta ulertzeko ahaleginetan dabiltza zientzialari asko.
Zetazeoek, esaterako, interes handia pizten dute, haien komunikatzeko era, alderdi batzuetan, gurearekin alderatu baitaiteke. Bada, ikertzaile batzuk, antzekotasun horietan oinarrituta, zetazeoen eta beste animalia batzuen hizkera itzultzeko sistemak sortzen ari dira, adimen artifiziala erabilita.
Helburua da,
Elhuyarren Elia itzultzaile automatikoak sei hizkuntzaren artean itzultzen duen bezala (euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa), animalia horien komunikazio bokala giza hizkuntzara bihurtzea. Ikertzen ari diren animalien artean daude izurdeak eta beste zetazeo batzuk, elefanteak eta primate handiak.
Egitasmo horietako batek
CETI izena du, eta kaxaloteen komunikazioa itzultzea du helburu. Izan ere, CETIkoen esanean, kaxaloteek eta gizakiok antzekotasun harrigarriak ditugu. Hasteko, gu bezala, gizarte matriarkal eta kulturaniztunetan bizi dira, belaunaldiz belaunaldi familiarteko loturei eusten diete, eta taldeek dialekto berezituak dituzte. Behaketek erakutsi dute pentsamendu kontzientea dutela, eta gai direla etorkizuna planifikatzeko. Errukia, maitasuna eta intuizioa ere sentitzen omen dituzte, eta haien bokalizazioek kode-egitura bat dute, morsearen antzekoa.
Hain zuzen, ahalik eta bokalizazio-mota gehien grabatzea da CETI egitasmoaren lehen pausoa, itzultzaile automatikoak datuen ugaritasunean oinarritzen baitira: zenbat eta datu gehiago izan, orduan eta emaitza hobea.
Beste zientzialari batzuen arabera, baina, arazoa ez da zenbat datu erabiliko dituen sistemak, baizik eta barneratuta dugun ikuspegi antropozentrikoak eragindako interpretazio okerra. Ohikoa da animaliak antropomorfizatzea, hau da, gizatiar bihurtzea, eta gaizki ulertzea gureen antzekoak diren keinuak eta soinuak. Eta adimen artifizialak ez du arazo hori konpontzen, gizakiok sortua baita.
Esaterako, xibarta bat bular-hegatsa astintzen ikustean, agurtzen ari dela iruditzen zaigu, guk keinu hori erabiltzen baitugu agur egiteko. Alabaina, keinu erasokorra da. Soinuei dagokionez, izurdeek era askotako soinuak erabiltzen dituzte komunikatzeko: bokalizazioak, txistuak, karrankak, bibrazioak... baita hegatsekin eta gorputzarekin uretan egiteko kolpeak eta jauziak ere. Baina igortzen dituzten soinu guztiek ez dute besteei ezer adierazteko helburua: ekolokazioaren bitartez, inguruneko egituren neurria, itxura eta dentsitatea ikusteko gai dira. Are gehiago, beste banakoen seinaleak ere jaso ditzakete, eta, beraz, besteek ikusten dutena ikusi, seinale akustikoen bidez.
Argi dago, nahiz eta ezaugarri batzuetan zetazeoak eta gizakiak antzekoak diren (edo antzekotzat hartzen ditugun), haien komunikatzeko, ingurunea hautemateko eta jokatzeko moduak oso desberdinak direla gizakienekiko. Eta desberdintasunak are nabarmenagoak dira beste animalia-taldeekin alderatuz gero, baita ebolutiboki gertukoenak direnekin alderatuta ere. Hortaz, zaila izango da noizbait halako itzultzaile automatiko bat garatzea; agian, ezinezkoa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia
Proiektu honen laguntzaile izan nahi baduzu,
harpidetu. Urtean 28 € baino ez.