Paleontologoek arazoak zituzten Kanbriar leherketa baino lehenagoko animalien aztarnak topatzeko (duela 540 milioi urte). Izan ere, animalia horiek ez zuten zati gogorrik, eta, beraz, ez ziren fosilizatzen. Orain, baina, hori baino 100 milioi urte lehenagoko animalien aztarnak topatzeko gai izan dira Kaliforniako Unibertsitateko geokimikariak.
Aurkikuntza Gordon Love-k gidatutako taldeak egin du. Zehazki, 24-IPC molekula detektatu dute, Demospongiae klaseko organismoek soilik sortzen duten molekula bat. Organismo horiek animalien zuhaitz ebolutiboaren sustraietan daude, eta gaur egungo belakiak ere klase horretakoak dira.
Ikertzaileek Arabiar penintsularen hego-ekialdeko arroka zaharretan topatu dituzte aztarnak, eta gutxienez Kanbriar leherketa baino 100 milioi urte lehenagokoak direla kalkulatu dute. Berez, harrigarria da data hori, garai hartan Lurra izotzez estalita baitzegoen, eta belakiak itsaso nahiko epel edo beroetan bizi baitira. Hortaz, edo garai hartako belakiak gai ziren kondizio oso gogorretan hazteko, edo garai hura baino lehenago sortu ziren, eta izotzaldian iraun besterik ez zuten egin.