Zientzialari batzuen ustez, anfibioen kopurua jaisteak eltxoena ugaritzea ekarri du; ondorioz, eltxoen bidez transmititzen diren gaixotasunek indar handiagoa hartzeko arriskua dago, adibidez, malariak eta dengeak.
Ondorio horretara iristeko, zapaburuen eta eltxoen arteko lehiari erreparatu diote Sidneyko Unibertsitateko ikertzaileek. Laborategiko ikerketetan ikusi dutenez, zapaburuak dauden tokietan, eltxoen larben % 40 baino gutxiago iristen dira heldutasunera, baita janari asko egonda ere. Aldiz, zapabururik ez badago, larben % 80 baino gehiago heltzen dira.
Normalean, ur-putzuetan elkarrekin egoten dira zapaburuak eta eltxoen larbak; beraz, pentsatzekoa da naturan ere mesedegarria dela eltxoentzat zapaburu gutxiago egotea. Gainera, igel helduek eltxoak jaten dituztenez, igelak desagertuta are gehiago ugaritzen dira eltxoak.