1981tik 2022ra, Anetoko glaziarrak azaleraren % 64,7 galdu du. Hala baieztatu du IPE-CSIC Pirinioetako Ekologia Institutuak zuzendutako ikerketa batek. The Cryosphere aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta, haren arabera, 135,7 ha (1,36 km2) izatetik 48,1 ha (0,48 km2) izatera igaro da. Glaziarraren aurrealdea, berriz, 2.828 m-koa izatetik 3.026 m-koa izatera igaro da; eta, lodieran, 3,5 m galdu ditu, batez beste.
Glaziarren galera nabarmena da Pirinioetan: 100 glaziar baino gehiago zeuden 1850ean; 39 ziren 1984an; 21, berriz, 2020an; eta 18 glaziar, 2022an. 1850ean, 2.060 ha-ko azalera hartzen zuten (20,6 km2), 810 ha-koa (8,1 km2) 1984an, 232 ha-koa (2,3 km2) 2020an eta 170 ha-koa (1,7 km2), berriz, 2022an. Hau da, glaziar-eremuaren % 92 galdu da, Izotz Aro Txikiaren amaieraz geroztik.
Orain argitaratu duten iIkerketan, Anetoko glaziarraren azterketarik xeheena eta luzeena egin dute (41 urte). Horretarako, glaziarraren 1981etik 2022ra bitarteko azalerak berreraiki eta glaziarraren lodiera neurtu dute, garai desberdinetako bereizmen handiko irudi aereoak, georradar bidezko neurketak, eta bestelako tekniken bidez lortutako datuak erabilita.
Emaitzek agerian jarri dute glaziarraren egoera kritikoa dela. Hain zuzen, iragarri dute hiru izotz-gorputz txikiagotan zatituko dela berehala, eta ez dago metatze-eremuen ebidentziarik. 2021-2022 denboraldia, adibidez, urte oso bero eta lehorra izan zen; ondorioz, glaziarra zeharo degradatu zen, eta horrek arrisku bizian jartzen du Anetoko glaziarraren iraupena.
“Glaziarraren mehetze-tasak –urtean 1 m ingurukoak ziren– hirukoiztu egin dira azken azterketa urtean (2021-2022). Argi dago, bada, urte nahiko lehor eta, batez ere, oso bero batek (hala nola 2022an bizi izandakoak) Anetoko glaziarrean elurra eta izotza urtzearen gainean izandako eragina”, ondorioztatu du ikerketan parte hartu duen Eñaut Izagirre Estibaritz EHUko irakasleak.
Elhuyarrek garatutako teknologia