Askotan deforestazio-arriskua Amazonetako oihanarekin automatikoki lotzen dugu, eta horretarako arrazoi faltarik ez dago, azalera osoaren % 20 dagoenekoz galdua duela kontutan hartuta. Dena den, ez da ahaztu behar mende honen hasieraz gero Andeetako iparraldean mendietako basoaren % 90 galdu dela.
Egia da Amazonetako oihanean hektarea bakoitzeko zuhaitz-dibertsitatea mendiko basoan baino handiagoa dela, baina zuhaiska, epifito edo goroldioen kasuan alderantziz gertatzen da. Gainera altura horietan hodeiak sortzen direlako mikroklima berezia eratzen da; hezetasun handikoa eta tenperatura txikikoa. Horri esker espezie endemikoak (hau da, munduan beste inon ez bezalakoak) hazten dira bertan.
Gaur egun 70 milioi pertsona baino gehiago bizi dira Andeetako iparraldean; munduan den menditar biztanleria ugariena, hain zuzen. Horrez gain hondamen handia eragin du Ekuadorko urre-meatzeen ustiapenak, Costa Ricako abelazkuntzak eta koka-soroek Bolivian edo Kolonbian.
Badakigu Andeetan patata, baberruna, kinina eta espezia ugari ekoiztu dela mundu osorako, eta horiek bultzatzea ezinbestekoa da adituen ustetan.