Andeen garaiera azaltzeko teoria berri bat

Andeen garaiera azaltzeko teoria berri bat
2007/06/01 | Elhuyar
(Argazkia: A. Sarasketa)

Planetako tontorrik garaienak Himalaian daude, eta bi plaka tektonikoren talkaren ondorioz sortu ziren. Andeak, aldiz, plaka ozeaniko bat plaka kontinental baten azpian sartu zenean sortu ziren (subdukzio deritzo horri). Horrelakoetan, mendiak gaineko plakaren zimurduraz sortzen dira, eta, kalkuluen arabera, Andeetako tontorren batez besteko altuerak erdia izan behar zuen (bi kilometro lau beharrean).

'Misterioa' ikertzeko, eredu informatiko berri bat sortu du Camberrako Australiar Unibertsitate Nazionalak. Eredu horretan, plaken tektonikako milioika urteko mugimenduak ikus daitezke; plaken gogortasunaren eta dentsitatearen datuak sartu, grabitateak eragin diezaion utzi eta zer gertatzen den ikusi dute. Hiru dimentsiokoa da sortu duten eredua.

Ondorio batera iritsi dira: Hego Amerikako plakaren zabalerak zerikusia du Andeetako mendien altueran. Ereduak erakutsi die plaken zabalerak eragin zuzena duela subdukzioguneen kurbaduran eta mugimenduan. Hego Amerikako kostako subdukziogunea 7.400 km luze da iparretik hegora. Tamainaren eraginez, erdialdean --Bolivia inguruan-- plaka ia ez da mugitzen, baina bai inguruetan, eta, gainera, W formako kurbadura irregularra hartzen du. Horien ondorioz, mendiek gora egingo lukete, ereduaren arabera.

1
232
2007
6
022
Geologia
Berriak labur
13
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila