Duela urte t'erdi, komunikabideetan albiste izan zen Arabako anbarra, erretxina fosila alegia. Orain, berriz, anbarraren inguruan datorren urtean Gasteizen egingo den nazioarteko kongresua da prentsa astindu duena. Anbarra eta beronen inklusio biologikoak izango dira kongresuaren gai nagusiak. Anbarraren historia, aurkikuntzak, tratamendu zein kontserbazioa eta, azkenik, Arabako aztarnategia izango dira kongresuan jorratuko diren esparru nagusiak.
Dagoeneko, mundu-mailako hainbat adituk eman dute bertan egongo direnaren hitza, hala nola, New York-eko Historia Naturaleko Museo Amerikarreko David Grimaldi, Berkley-ko California-ko Unibertsitateko Georges Poinar, New York-eko Anbarraren Ikerkuntzarako Laborategiko Kurt Beck zein Poloniako Lurraren Museo, Errusiako Zientzien Nazio-Akademia eta Parisko ikertzaileak, beste hainbaten artean.
Kongresua urriaren 20tik 24ra bitartean egingo da eta bertan, lehenengo aldiz, aurkeztuko dira Arabako anbarraren inguruan jasotako datu zientifiko zehatzak eta aurkikuntzak, batez ere paleontomologia arlokoak, azken hauek izan baitaitezke harrigarrienak. Honezkero, aztarnategiak mundu-mailakoa dela frogatu du eta, beraz, oihartzuna izaten ari da komunitate zientifikoan.